XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Amnistiaren Aldeko Batzordeek kezka agertu dute inkomunikazioan jasan dezaketen tratuagatik

Lau gazte atxilotu dituzte Algorta eta Leioan kale istiluetan parte hartzeaz akusatuta

- Lau gazte atxilotu ditu Espainiako Poliziak Algortan eta Leioan, eta kale istiluetan parte hartzea leporatzen diete

- Atxilotuak Indautxuko kuartelera eraman zituzten lehendabizi, eta handik Madrilera, Espainiako Poliziaren komisariara

- Ibai Aginaga gaztearen gurasoen baserrira joan ziren haren bila, baina ez zuten hura atxilotzerik izan

ESPAINIAKO POLIZIAK egindako operazio batean lau gazte atxilotu zituzten atzo goizaldean Algortan eta Leioan, kale borrokarekin zerikusia dutelakoan.

Hauek dira lau atxilotuak: Alfredo Paya, 17 urteko Algortako bertsolaria; Aitor Artetxe, 23 urtekoa; Ekaitz Zelaia, 18 urtekoa; eta Eneko Ojenbarrena, 27 urtekoa.

Lehenengo hirurak Getxon atxilotu zituzten eta laugarrena Leioan. Eneko Ojenbarrena duela lau urte ere atxilotu zuen Ertzaintzak, eta bi hilabete egin zituen Basauriko espetxean.

Era berean, Guardia Zibilak Ibai Aginaga gaztearen bila jardun zuen Urdulizen haren familiak duen baserrian; baina ez zuten atxilotzerik izan, ez zutelako ez han, ez Berangoko bere etxean harrapatu.

Espainiako Poliziak atxilotutako lau gazteak Indautxuko kuartelera eraman zituzten lehendabizi, eta arratsaldean handik Madrilgo komisariara.

Galdeketen ostean, Espainiako Entzutegi Nazionaleko Ismael Moreno epailearen esku geratuko dira.

Operazioa Alfredo Payaren atxiloketarekin hasi zuten Espainiako Poliziako kideek.

Bertsolarien zerrenda bat, euskal kulturari buruzko beste paper batzuk eta Euskadi hitza zeukan txapel bat atera zituzten poliziek bertsolariaren etxetik.

Alfredo Payari sudurreko ebakuntza bat egin diote berriki eta arreta berezia behar du, oraindik ere odol jarioak baititu.

Aitor Artetxeren etxetik, pegatinak, haren aitaren kirol jertsea eta Egin egunkaria itxitakoan adierazpen askatasunaren alde atera zituzten aurpegi mozorro batzuk eraman zituen Espainiako Poliziak.

Iturri ofizialetatik ez zuten argitu atxilotu gazteei leporatzen zitzaizkien delituak zeintzuk ziren, eta kale istiluetan parte hartzeagatik susmagarri zirela baino ez zuten adierazi.

HB: Gazteen aurkako razzia

Herri Batasunak Euskal Herriko gazteen aurkako razziatzat jo zuen Espainiako Poliziak Getxon eta Leioan burututako operazioa.

Espainiako Gobernuak eta Entzutegi Nazionalak beste behin ere euskal gazteriaren aurka egin dutela adierazi zuten Herri Batasunatik.

Euskal Herrian gaztea eta euskalduna izatea delitu da, salatu du HBk.

Atxiloketen unean Tele 5 eta Antena 3 telebista kateetako kamerak atxilotuen etxeetan egoteak ere Herri Batasunaren aldetik bere balorazioa izan zuen.

Herri Batasunak lotsagarri deritzo komunikabide jakin batzuk betetzen ari diren paperari.

Komunikabide batzuek razzia horiek zuzenean grabatzeak argi eta garbi adierazten du Espainiako komunikabide horiek eta Madrilgo Gobernuak elkarrekin lan egiten dutela

Amnistiaren Aldeko Batzordeetatik atxiloketa horiek eragiten dien kezka larria adierazi zuten.

Inkomunikatuta dauden bitartean jasan dezaketen tratuak biziki kezkatzen gaitu; izan ere, une horietan gertatzen dira torturak eta tratu txarrak, egungo legediak atxilotua oinarrizko eskubiderik gabe uzten baitu, adierazi dute AABek.

Espainiako Polizia, iaz egindako beste operazio polizian batean.